XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gai honetaz, bere buruarekin beste inorekin ezin bait zezakeen hitz egin.

Izan ere, lagun guztiek esana zioten Joxerena ez zela normala, eta gaur ez bazen bihar, tratu hark amaitu beharra zeukala.

Berak maite zuen, ordea, eta konbentzituta zegoen, ezkontzen ziren egunean, orduantxe, bukatuko zirela komeria guztiak: berea naizela ikusten duenean kenduko zaizkio zeloak.

Kendu ez, areagotu egin zitzaizkion, berea zela ikusi zuenean.

Lana utzi erazi zion lehendabizi, etxeratzen zirenean, beti izaten zuelako Joxek susmo txarren bat.

Ematen zizkion jipoiak ez jasateagatik, onena etxean geratzea izango zuela, eta horixe egin zuen.

Etxean geratzeak ez zuen egoera asko aldatu, senarra itzultzen zen bakoitzean, seguro zegoelako han beste gizonen bat izana zela.

Eta, beste gizonen bat ez bazen izan, nahiko zuen izatea, eta, nahi ez bazuen, pentsatu egingo zuen, eta, pentsatu ez bazuen...

Gauza da beti Marikarmenek jipoia hartu behar izaten zuela.

Gezurra dirudi, baina hamabost urte egin zituzten elkarrekin, eguna joan eta eguna etorri, maite nau, gehiegi maite nauelako gertatzen zaio hau esanez.

Goiz batean, bapatean, egoera hura jasanezina iruditu zitzaion.

Ez zion irtenbiderik ikusten.

Bazekien Joxek maite zuela, eta maitasunagatik jotzen zuela.

Berak ere maite zuen Joxe.

Baina ez zuen jotzen.

Ez ote dut nahikoa maite? okurritu zitzaion, lojika erabiliz.

Gauean, aspaldiko partez, dotore-dotore jantzi zen Joxe etxera itzultzerako.

Etxean sartu bezain pronto jabetu zen egun txarra zuela senarrak.

Oso begirada zorrotza bota zion ohi ez bezala jantzita ikusi zuenean.

Nora zoaz? galdetu zion eskua altxatzearekin batera.

Ez zion eskua beheraino jaisteko astirik eman.

Eskoteko bolanteen artean gordeta zeukan labana atera eta erdiz erdi sartu zion bihotz parean.

Joxeren harridura areagotuz joan zen, eta entzun zituen azken hitzak ezin sinestuz geratu zen: zuk maite nauzu, baina nik askoz ere gehiago maite zaitut.

KOMERIA.- Arazoa. Problema.

AREAGOTU.- Gehiagotu.

SUSMO TXAR.- Errezelo txarra.

JIPOI.- Paliza.

BAPATEAN.- De repente.

JASANEZIN.- Jasan+ezin. Insoportable.

Era bereko hitzak: baraezin, ahaztezin, ulertezin...

JABETU.- Ohartu, konturatu. Darse cuenta.

ZORROTZ.- Serio.

OHI EZ BEZALA.- A diferencia de lo acostumbrado.

LABANA.- Navaja.

ARANTXA ITURBE